Funtsean, Izki basoa eta harkaitza da. Nagusiki ameztia dago, baina pagadiak, artadiak, haltzadiak, ezkameztiak, baso mistoak, urkidiak, lertxundiak, hariztiak... ere badira.
Ibai txikiek -Izki, Molino, Berrón-, zeharkatzen dute bailara. Zenbait puntutan ura azaleratu eta putzuak, tranpalak eta zohikaztegi gaiak eratzen dituzte. Hezegune hauetan, anfibio eta hegaztien fauna interesgarriaz gain -txilinporta txiki, murgil handi...-, flora baliotsua ere garatzen da, hala nola, nenufar zuria, eta landare haragijale sorta aberatsa.
Zeruan, basoaren gainean planeatuz, arrano beltzaren, zapelatzaren, sai zuriaren eta sai arrearen figura lirainak nabarmentzen dira, Izkiko gailurretako kareharrizko harkaitz ebaki dotoreetan atseden hartu eta kumeak egiten dituztenak.
Goiko aldeetako larredi zabalak, non behi, behor eta ardiak bazkatzen diren, pertsonak bizi direla adierazten dute. Kultur ondare oparoak bailara eta mendi hauen historiaren berri ematen du: leize-zulo artifizialak, baselizak, herri gotortuak, tumuluak, karegileak, gazteluak, hondakin arkeologikoak... eta azkenik, Korres Erdi Aroko herria, parke barruan biztanlerik duen herri gune bakarra.
Gastronomia, eskulangintza, tradiziozko jaiak, erromeriak, eta Izkitik gertu dauden herrietan han-hemenka dauden landetxe abegitsu eta erosoek Parke Naturala are interesgarriago bihurtzen dute.
Mendi-ibiliak, bizikleta eta zaldi gaineko ibilbideak dira, besteak beste, Parkean zein ingurunean eskaintzen diren jarduerak. Urturin dagoen golf zelaiari esker kirol hori natura betean egin daiteke. Parkearen inguruetan ere hainbat astialdi gune daude, berezko edertasuneko eremuetan.
Etorkizunean Interpretazio eta Informazio Zentroa Korres herrian jarriko dute.
A-132 errepidetik (Gasteiz-Lizarra), Parkearen iparraldeko guneetara heltzen da: Birgara, Apinaiz, Atauri, Antoñana, Bujanda eta Maeztu. Maeztutik
A-4124 errepidea irteten da, San Roman Kanpezura doana eta Korresera joateko har daitekeena. Nahiago bada naturgunearen hegoaldera joatea, A-2124 errepidea hartu behar da (Gasteiz-Logroño) eta Armentiako Bentetan Bernedorantz desbideratu,
A-126tik, horrela Markiz, Arluzea, Urturi eta Kintana hurbilduz.
Argazkiak eta Testuak: Arabako Foru Aldundia