KANPEZUKO UDALA

KANPEZU EZAGUTU

Santa Cruz de Campezo / Santikurutze Kanpezu

Historia

Historiagile erromatarren arabera, Kristo aurreko hamazortzigarren urtean Barduloen tribua bizi zen Kanpezuko lurretan, baskoien seme-alabaordeak ziren.

823. urtean Abd-Al-Karín jeneral arabiarrak, udako espedizioarekin batera, Yirinyurako bidean Kanpezuko harana suntsitu zuen, hango herriak txikitu eta uztak erre zituen. Harana berriz eraiki zuten Gaztelako Alfontso VI.aren erregealdian.

Piérola oinetxea Irache Monasterioaren agiri batean agertu zen lehendabiziko aldiz, eta agiri horren arabera, Sancho Fortuniones jauna eta Sancha Veilaz andrea ziren oinetxeko jabeak.

XII. mendean hiribildua gotorleku zen eta harresia zuen. Alfontso Borrokalariak 1130. urtean Marañon herriari emandako foruan agertzen da. 1187. urtean Pedro Ramírez jauna gotorlekuko alkatea zen.

Kokaleku estrategikoa duenez, Nafarroako eta Gaztelako erreinuek  lehia ugari izan zituzten hiribildua zela-eta. Nafarroaren pean izan zen 1200era arte, eta urte horretan Alfontso VII.ak konkistatu zuen Gaztelako erreinurako.

Gaztelako errege Alfontso X.a Jakintsuak foruak eman zizkion 1256. urtean.

1367an erregeek bi aldiz elkartu ziren herri horretan; Pedro Ankerra Gaztelako erregea eta bere anaia Trastámarako Enrike, Nafarroako Karlos II.a erregearekin elkartu ziren.

1368an hiribildua Nafarroako erreinuari eman zioten.

1377an Gaztelako Leonor andrea Nafarroako errege izango zenarekin, Karlos III.arekin, ezkondu zen, eta ondorioz hiribildua berriz Gaztelaren esku gelditu zen.

Ondoren, Gaztelako erregeak, Trastámarako Enrike II.ak, Ruy Díaz de Rojas jaunari hiribilduaren jabetza eman zion, koroari zion leialtasuna eskertzeko.

1484an, Lope de Rojas y Lara jaunak frantziskotar fraideei Piérola oinetxea eman zien hantxe Santa María de los Ángeles komentua egiteko.

Maria de Rojas andrea Álvaro de Mendoza y Guzmán jaunarekin, Orgazeko lehen kondearekin, ezkondu ostean, Mendozatarren jaurerriaren esku gelditu zen.

1635ean hiribilduak askatasuna erosi zion Gaztelako Koroari.

Felipe IV.ak hiribilduari foruak eta eskubideak itzuli zizkion 1639an.

Independentziako Gudan, ospetsu izan zen Santikurutzen 1812ko maiatzaren 13an Espainiako eta Frantziako tropen artean gertatutako bataila. Errepresalia moduan, frantsesek Ibernalo ermita erre zuten.

1834ko irailean, guda karlistan, Zumalacárregi jeneralaren agindupeko ejertzitoak Viana konkistatzera abiatu zen Pianoko bidetik. Azaroan, Karlos jauna, erregegaia, hiru egun igaro zituen hiribilduan. Zumalacárreguiren tropek Arquijas batailan garaipena lortu ondoren, Oraa jeneral liberalaren agindupeko tropa garaituak hiribilduan babestu ziren. Gobernu liberalak Mendizábal Desamortizazio Legea onetsi ondoren, frantziskotar fraideak Piérola komentutik bota zituzten.

1868an, ejertzito liberalak herriko plazan gazte karlista bat fusilatu zuen, eta ondorioz, Kanpezuko gazte-talde batek Marcelino González de Durana alkate jauna hil zuen.
Ematen du hiribildua babesteko gaztelua, harresiak eta ateak suntsitu egin zituztela Independentzia Gudan eta Guda Karlistan; dena dela, oraindik harresiaren aztarna batzuk ditugu plazan, eta baita gaztelurantz igotzen ziren kaleen izenak ere.

Hiribildua

Codés Mendilerroko hegalean, Ioar eta Costalera mendien begiradaren azpian, eta Ega ibaiaren urarekin bustita, Santa Cruz de Campezo / Santikurutze Kanpezu dugu.

Kale nagusi batek eta kale hori gurutzatzen duten zenbait kale txikiagok eta kantoik osatzen dute parte zaharra. Antzinako etxeetatik, erdi-puntuko arkuko ateak, blasoiak eta aurrealdeetako armarriak nabarmendu beharko genituzke, adibidez Uriarte, Díaz de Antoñana eta Estenegas familiakoen etxeak.

Hiribilduaren erdialdean plaza dugu; plaza horrek parte zaharra parte modernoarekin lotzen du eta hantxe dago Udaletxea. Udaletxeak aurrealdean probintziako eta Santikurutze Kanpezuko armarriak ditu. Plaza horretan bertan dago harrizko oktogono-formako iturria; lehoien aurpegiekin apainduta dago, eta lehoien aurpegi-itxurako tutu horiek ura harraska biribilera eramaten dute. Kateekin lotutako zortzi jarlekuk ixten dute iturria. Beste iturri bat ere bada, Atarikoa.

Beste kale, etxe eta familia bakarreko etxebizitza moderno batzuekin osatu dute hiribildua.

Santikurutze Kanpezuko ondaretik, Andre Mariaren Jasokundea Parrokia-eliza, Euskadiko Monumentu Historikotzat hartutakoa, nabarmendu beharra dugu. Ibernalo Andre Mariaren ermitara doan errepidearen parean harrizko gurutzea eta Kristo Santua Santutxoa dago. Eta hiribilduaren goialdean Ibernalo Andre Mariaren ermita dago; ermitatik hurbil josteta-eremua dugu, erretegiekin eta haurrentzako jolasekin.

Kanpezuko kirol-instalazioei dagokienez, frontoi estalia eta Las Cruces kirol-konplexua dute, non orain dela gutxi berritutako udal igerilekuak, kiroldegia eta futbol-zelaia dagoen.

Hiribilduaren irteeran daude ikastola eta Institutua.

Santikurutze Kanpezun zenbait fabrika eta enpresa kokatu dira, herriaren sarreran alegia. Irin-fabrika ezaguna antzinako errotaren gainean egin zuten, Piérola zubitik hurbil.

Santikurutze Kanpezuko kanpoaldean, Oteorako bidean, San Juan de Piérola Frantziskotar Fraideen komentuaren aurriak daude. Eremu horretan eskalatzeko aukera dago, VII. eta IX. maila bitarteko bideekin.

Hiribildutik kilometro batera Fresnedo parkea dugu; josteta-eremu horretan askaldegia eta ibai-igerilekuak daude.

Mendizaleentzat, Ioar Mendiaren 1414 metroko igoera dute, eta arrantza nahiago dutenentzat, aintzira artifiziala dute arrain-haztegitik hurbil.

Argazkiak: Santa Cruz de Campezo / Santikurutze Kanpezu

Santikurutze Kanpezuko panoramika
Santikurutze Kanpezuko panoramika
  • Santikurutze Kanpezuko panoramika
  • Armarria eta erdi-puntuko arkua duen etxea Santikurutze Kanpezun
  • Santikurutze Kanpezuko Udaletxea
  • Santikurutze Kanpezuko armarria
  • Kanpezuko Kultur Etxea
  • Liburutegia
  • C.E.P. Ntra. Sra.de Ibernalo Ikastola L.I.H.
  • I.E.S. Campezo B.H.I.
  • Santikurutze Kanpezuko industriak
  • Santikurutze Kanpezuko plaza eta iturria
  • Santikurutze Kanpezuko harresiaren aurriak
  • Santikurutze Kanpezu Kontsultategia
  • Santikurutze Kanpezuko plaza
  • Santikurutze Kanpezuko  plazako iturriaren zehaztasunak
  • Santikurutze Kanpezuko ludoteka
  • Sanitikurutze Kanpezu
  • Armarria duen etxea Santikurutze Kanpezun
  • Santikurutze Kanpezuko pilotalekua

+ Kanpezuko herriak

© Kanpezuko Udala 2008
Leader + Eusko Jaurlaritza Europa